XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Markiña ORRILLAREN LENENGOA

Orrilla! Ames-illa.

Inguruak loretan, txoriak abeslari, kukua eskolan ondo ikasitakoari ekin ta ekin, eguzkia dizdizka, biotzak pilpil... Orrelakoxeak izan oi dira Orrillari buruzko amesak.

Baiña tremesak...

Orrillaren ate-atea, beintzat, Langille-eguna, uretan beratuta agertu ta joan jakun.

Eta agur mendirako gure ames gozoak! Goizean lo-gelako leioa edegiaz batera jeurt egin eta izara arteko epeletara barriro, arik eta eguerdi inguruan amak Ondiño be or zagoze, alperrontziok! deadarka deitu arte.

Olako eguraldiagaz nun, ba, obeto, merkeago ta osasuntsuago? Mendira ezin; kalean, barriz, naizta egarririk ez, txurrut eta txurrut ekin bear... Zergaitik ez ete dakigu beste ezer egiten?.

ISIDRO DEUNA

Eguzkia be baserritar-zalea ete dogu? Egun orretan argi ta arro agertu zan, jantzirik ederren ta dizditsuenekin.

Eguzkiaren antzera kaleratu jakuzan alboetako baserritarrak be: alai, nasai, garbi, apain ta patxada aundiz.

Euren eguna zan.

Soloetako neke ta izerdiak santutu zituan isidro Deunarena.

Amaiketan Meza Nagusia Xemein`go Eleizan, itzaldi eder ta guzti.

Ondoren, Lagunaro`koak urreratu ziran baserritarron osasunari azterketa bat egitera.

Biotza, biriak, odol-sakada ta abar.

Asmo txalogarria auxe, benetan! Gaizo-zuztraiak sarritan ixil-ixillik eta miñik emon gabe azpi-lanean jardun oi dirata.

Norbera konturatu orduko, barriz, ondo sendatzeko beranduegi askotan.

Egun andietako oitureari jarraituz, bazkaria belu samar; lege-legekoa ta egunari egokona.

Arratsaldean edozenbat joku solasgarri pelota-tokian.

Eta azken baten, Beno, mutillak, datorren urtien be alkar ikusteko izan gaitezala esanda, bakotxa bere auzuneko estalpe gozora.

Alkartu, baserritar jatorrok, eta eutsi zeuonari al dozuenik ondoen.

BATEO TA ERIOTZAK

Orrillaren 5`ean iru Bateo izan genduzan: Miriam, Sabat eta Unai umetxoenak.

Sakatu gogoz, txikitxuok, amatxoren bularrari, laster txaka-txaka asteko.

Zorionak zuoi ta gurasoai!.

Aitarenera joan jakuz Pepita Gomez eta Murga`tar Jose Mari.

Murga Jauna sarritan izan zan Bizkai`ko Aldundian Markiña aldeko ordezkari edo diputadu: ta oso gazte zala, Aldundi orren Lendakari.

Berari zor dautsaguz Markiña`tik Aulestia`rako ta Larruskain`erako bide barriak.

Orrillaren 16`an il da Bidarte jauregian, 97 urtegaz.

Goian begoz gure anai-arreba maiteok! Otoitz bat euron alde.

Senitartekoai gure samin-agur zintzoa.

EUSKAL-JAIA

Orrillak 12.

Euskal-jai bikaiña erriko pelota-toki ederrean; ago-barrua luzarorako gozatuta utzi dauskuna.

Ango jarleku ugariak naiko izan ez ta gaiñetikoak ekarri bear.

Badogu inguruetan euskal-egarria!.

Sekula iru ordu laburrago ta motxagorik! An ziran Arratia`ko Oiartzunak, an Lertxundi, Zerutxu Dantza-taldea ta Pantxoa ta Pello bikote maitagarria.

Guzur-muga osteko abeslariok eskuak txaloka andituta ta biotz-begiak negar-malko gozotan ipiñi euskuezan.

Ekin ta aurrera, mutillak! Emendikuok ezin doguna zuok al dozue-ta.

Ikustekoa izan zan Zerutxu`ko gaztetxoen ekiñaldia; batez be Gorulariak deritxona.

Dantza-antzeko au gitxi ezagutzen da, zoritxarrez, gure artean.

Izan be ez da ain zarra.

Aurreko gizaldian Durango`ko Euskal-jaietarako berein-beregiz asmatua.

Bertsoak Mogel`en Peru Abarka`tik jasoak eta doiñua Zubiaurre jaunak ezarria, Garai`ko margolari ospetsuen aita zanak.

Zoragarria Zerutxu`ko txikiak egindako lana! Zorionak, Amutxastegi`tar Felipe! Zure neke ta izerdiak gozatuak izango ziran, ziur, arratsalde atan, zeure-zeurea dozun talde orrek irabazitako txalo ugari ta beroekin.

Dantzak eta olakoak folklorekekeriak dirala? Ez! Folklore bai, baiña ezetariko keririk gabe.

Folk-lore = Erri-jakintza.

Orixe! Erriaren muiñetik sorturiko kimu jori mardula.

Zugatza maite, ta kimuak ez? Guk, beiñipein, ez dogu adar bako zugatzik nai Euskalerrian.